XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. Nazio duintasunarekiko kontuak alde batera utzirik ere, espainolaren erasopean Hegoaldean sortu dugun hiztegi berri honek, neurri handi batean, errotiko huts bat du: ez du euskaldun guztientzat balio, ez du Iparraldean funtzionatzen, eta ez du funtzionatuko.

Zeren, zeren izenean behartu ditzakegu Iparraldeko haurrideak espainol hutsaren erasora makurtzera? Ahalegin gaitezke Hegoaldeko tradizioko, zaharreko eta berriko, hitzak eta esapideak Iparraldean sartuz joan daitezen, baina euskara eguneratzea eta kultura hizkuntza bihurtzea dela eta, espainola Iparraldera esportatzea, gure helburu guztien hankaz-goratzea litzateke.

Egiazko dilema hau da: edo hitzak eratzeko sistema aldatzen da Hegoaldean, edo euskaldunek hizkuntza eta kultura batasunari uko egiten diogula aitortu behar dugu.

Nire ustez, espainolaren eraso hau neurri handi batean gainditzeko bideak baditugu. Hitz gaizki eratuei buruz hainbatek duten jarrera eta gaztelaniaren soluzioekiko agertzen dugun lilura askotan oharkabea baztertzen baditugu, eta Europako beste hizkuntzek aurkitu dituzten aterabideak aztertzen eta gure beharretara egokitzen baditugu, arazoa aski konpondua legoke nire ustez.

Zirriborro gisa, maila hauek bereizi beharko lirateke:

a) Gure literatura tradiziokoak ez direlako, eta espainolez eta frantsesez desberdinak direlako, Euskal Herria bitan zatitzen duten hitz eta esapideak dira gaur egun dugun arazorik larriena. Horrelakoak berehala baztertu beharko genituzke, edo baztertzeko bidean jarri bederen.

Goian aipatu diren gehienak, eta gasolina, edredoi, tirante, pantaila bezalakoak, esaterako. Horrelakoen zerrenda bat egin beharko litzateke, eta horientzat Ipar eta Hegoaldean onargarri diren ordainak aurkitzea da premiazkoen dugun lana.